Helduen munduan ez ezik, haurrenean ere murgildu da Zenbat Gara elkartea, Kurkuluxetan umegunea izeneko sail berezia eta autonomoa sortuz. Denek aipatzen duten mundu garrantzitsua da umeena, kontu handiz lantzekoa baina, era berean, gustuz eta alaitasunez eskaini beharrekoa. Horretan hasi ginen duela zenbait urte eta horretan dihardugu buru-belarri gaur egun, aurrerantzean ere itzel irekiko dugulakoan hastapeneko bidea.
Haurrek dagoeneko jarduera andana luzea dute gurean, ezagunena igandero Kafe Antzokian izan ohi den OLGETAN haur jaia izanik (antzerkia, txotxongiloak, pailazoak…). Ikasturte osoan Musika Eskolan ikasi eta ondo pasatzen dute. Urtero antolatzen ditugu Haur musika topaketak eta Eskola Arteko Antzerki Topaketak. Eurentzako prestatu ditugu Ane Monna, Oskola eta Karramarroi taldearen ikuskizunak eta diskoak… Horretaz guztiaz eta beste hainbat abantailaz gozatzeko LAGUNTXOaren figura sortu dugu, Zenbat Gararen LAGUN helduen antzera abantaila bereziak dituen txartela eskuratuz.

